IRUARTETA ESKOLAKO HISTORIA

IRUARTETA eskola 2004 – 2005 ikasturtean sortu zen. Hezkuntza Sailak erabakita, Zabala auzoko eta sortu berria zen Miribilla auzoko familiei D ereduan matrikulatzeko aukera eskaini zitzaien. 23 familiak honen aldeko apustua egin zuten.

Zerotik abiatutako eskola hasi zen. Bi ikasgela, lau irakasle eta familiek osatu zuten hasierako lan taldea. Dena zegoen egiteko: material didaktikoaren hornidura, administrazioa, parte-hartze organoak : Eskola Kontseilua, IGE, Hezkuntza Proiektua, … Hala ere, erronka interesgarria zen familientzat eta irakasleentzat.

 

iruarteta eskola historia

 

Garai hartako familia eta irakasleak printzipio batzuk adostu zituzten: “ Auzoko eskola publikoa nahi dugu, gure garaiari erantzuna ematen diona, alaia eta partehartzailea. Eskaintzen duen formazioarekin pertsona kualifikatuak, demokratikoak eta elkartasuna agertzen dutenak sortzea bilatzen duena. Beraien herria maite duten pertsonak egitea”.

2005 – 2006 ikasturtean inauguratu zen eskola berria. Izena bilatzeko, Zuzendaritza Euskaltzaindiarekin harremanetan jarri zen. Jasotako informazioak esaten zuen bazegoela Ibaizabal errekatik gora Miribilla auzorako bidean “Las tres arteas” (Hiru Arteak) izeneko begiratoki bat. Baimena jaso zen IRUARTETA izena jartzeko eskolari.

Inaugurazio ekitaldian hiru artea landatu ziren eskola ondoko berdegunean.

Hurrengo urteetako hazkundeak baldintzatu du eskolako ibilbidea eta izatea. Bi lerroko eskola izatetik , hiru lerrokoa izatera pasatu zen eta bi ikasturtez lau lerro zabaldu dira auzoan egon den populazio hazkundeari erantzuteko. Eskola gaztea izanda ikasturtero harrera egin behar izan dio familia kopuru handiari. Urtero egon da antolakuntza aldetik egokitzapenak egin beharra (ordutegi moldaketa, gelak hornitzea, harrera planak berridaztea, … ) eta honek eskolako hezkuntza proiektuaren zehaztapenetan eragina izan du ezin bestean.

2014ko ekainean irten zen eskolatik Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza bukatu zuen lehen promozioa. San Adrian institutura egin zuten gure ikasleek salto. Eskolak ia 700 ikasle zituen ordurako.

 

ESKOLAKO HAINBAT EZAUGARRI:

  • Gure eskola euskalduna da eta euskalduntzea dauka helburu.
  • Aniztasunari erantzuna ematen saiatzen da. Horretarako, besteak beste, adin nahasketak ahalbideratzen dira eta taldeen arteko era ezberdinetako topaketak eta elkartrukaketak: Tailerrak, proiektuen aurkezpenak, eskolako jaiak …
  • Proiektuka lan egitearen aldeko apustua dago (Haur Hezkuntzan ezarrita dago eta Lehen Hezkuntzan proiektuka lan egiteko esperientzia ezberdinak eta horri bideratutako irakasleen formazioa).
  • Umeen bizipenetatik gertu dagoen irakaskuntzaren alde egitea nahi da. Horregatik , ahal den neurrian ez da testu liburuekin konpromisorik hartu nahi; nahiz eta 2. Eta 3. Zikloan zenbait testu liburu erabiltzen diren.
  • Adierazpen artistiko desberdinetatik gertu aritzea bilatzen da (musika, adierazpen plastikoa, literatura, adierazpen eszenikoa ,… )
  • Elkarbizitza osasuntsu baten alde egin nahi duen Batzordea dago eta honi estu lotuta dagoen Hezkuntza Emozionalari garrantzia eman nahi zaio.
  • Eskola generoen arteko aukera berdintasunean lanean dihardu.
  • Ikasgeletan ikasleen indibidualitatea zaintzeaz arduratzea , eta era berean, taldearen osotasunean erreparatzea eta taldeak indibiduoari egiten dion ekarpena balioetsi nahi da.
  • Hain eskola kopurutsua izanda ere, eremu lasaia bihurtu nahian, sartu irteeretan eta eskola barruko desplazamenduetan lasaitasunean eragiten da.
  • Eskolako partaide guztiek tokia izatea eta ziur sentitzea bilatuz, horretara eramango duten jarduerak programatu eta zaintzen dira.
  • Umeak autonomoak izatea, beraien betebeharrak ezagutzea, beraien ekimenean ziur sentitzea eta eskolako giroari ekarpena egitea bilatzen da.
  • Bai eskola eta bai lana ikasleei begira antolatzen da beraiek izateko eskolaren ardatza. Ikasleen beharrei erantzuna emateko antolatzen dira ordutegiak, tutoretzen banaketak, indartze neurriak, eskolako jarduera bereziak, diruaren kudeaketa ,…